Eguraldiagatik negu gorrian gaudela dirudien arren, heldu zaigu maiatza, hilabete seinalatua euskara-ikasle askorentzat; izan ere, garai honetan izaten dira IVAPen eta HABEren lehenengo bi egiaztatze-probak: batetik entzumena eta irakurmena, eta bestetik idazmena.

Bi azterketa horien artetik, idazmen-proba izan ohi da ikasleoi amesgaizto gehien eragiten dizkizuena. Hori dela eta, sarrera honetan idazmen-proba egiteko zenbait aholku emango dizkizuegu.

Eta azterketa aurretik egin beharrekoekin hasiko gara:

Murgildu euskaran: komenigarria da azterketaren aurreko egunetan eta azterketa egunean bertan, behintzat, euskarazko komunikabideetara jotzea (Argia, Berria, Alea…), eta euskara irakurri eta entzutea. Horrela, batetik, zure buruari errazago gertatuko zaio azterketaren egunean euskaraz pentsatzea, eta bestetik, gaurkotasun gaiei buruzko informazioa jasoko duzu, eta baliteke azterketan gai horietakoren bat agertzea.

Azterketa aurreko orduei dagokienez, ziur aski, irakasleak behin baino gehiagoan eman dizue honako gomendio hau: “Ez jarri urduri!”, eta seguru asko, zuk horrela pentsatu duzu zeure baitarako: “Hara bestea! Esatea erraza da, baina egitea…”. Jakin badakigu, azterketaren egunean urduri ez jartzea oso zaila dela; horregatik, guk beste gomendio bat emango dizugu: urduri jarriz gero, saiatu lasaitzen.

Nola? Bada, hasteko, izan konfiantza zeure buruarengan. Izan gogoan urte osoan zehar aritu zarela euskara ikasten eta azterketa gainditzeko beharrezko baliabideak dituzula. Beraz, errepikatu era honetako esaldiak zeure buruari: gai naiz; lortuko dut…

Horrez gain, azterketaren egunean azterketa-lekura garaiz iristea komeni da, eta eraman beharrezko daramazula ziurtatzea (NA, idazteko-tresnak, erlojua, ura…). Eta urduritzen hasia zarela nabaritzen baduzu, baliatu erlaxazio-teknikaren bat: hartu arnasa sakon, ekarri gogora lasaigarria zaizun irudiren bat (itsasoa, larre berde bat…) edo hotsen bat (euria, kantu lasai bat…) etab.

Behin azterketa hasita, ez hasi berehala idazten; lehenik eta behin irakurri arretaz zer eskatzen zaizun, eta zalantzarik baduzu, galdetu aztertzaileari, horretarako dago eta. Egin beharrekoa zuzen gauzatzeko, erabil itzazu egitekoan agertzen diren xehetasunak zeure burua kokatzeko eta zer idatzi behar duzun erabakitzeko. Gogoan izan egitekoan agertzen diren azalpenen helburua ez dela ikasleak nahastea; haatik, emandako deskribapenaren xedea egoera erreal bat irudikatzen laguntzea da. Horretarako, egin era honetako galdera zeure buruari:

 

  • Zein roletatik idatziko dut (ikaslea, herritarra, auzokidea…)?

  • Nori idatziko diot (alkateari, lankide bati, herritarrei, auzokideei)?

  • Zer egin edo lortu nahi dut idazkiaren bidez (nire iritzia ematea, nire esperientzia kontatzea, zerbait eskatzea, salaketa bat egitea, norbait konbentzitzea…)?

  • Norako da idazkia? Hau da, argitaratu egingo da (sarean, paperean) edo idazki pribatua da (gutuna)? Beraz, zein ezaugarri izango ditu (itxura)?

  • Zein tonu/hizkera erabiliko dut? Zein esapide, hitz izan daizteke egokiak?

Planifikatu zer idatziko duzun

Ondoren, horiek guztiak kontuan hartuta, planifikatu zer idatziko duzun. Alegia, zerrendatu testuan jarriko dituzun ideiak, eta horretarako, utzi alde batera esanguratsuak ez direnak edo gainontzeko ideiekin lotura zuzenik ez dutenakantolatu ideiak ataletan (paragrafo bakoitzeko atal bat), eta horien barruan bereizi ideia nagusiak eta menpekoak.

Idatziko duzuna planifikatzeaz gain, aurreikusi nola idatziko duzun testuko atal bakoitza; horretarako, lehenik eta behin, pentsatu zein den atalaren helburua (zerbait kontatzea, zer edo zer azaltzea, argudioak ematea, zure iritzia ematea…), eta zein baliabide erabiliko duzun (pertsona, aditz-denbora eta modua, esapideak…). Halaber, hausnartu nola lotuko dituzun atalak beren artean, zein baliabide (puntuazioa, testu-antolatzaileak…) erabiliko duzun zatiak elkarri “josteko”.

Behin idazten hasten zarenean, ez idatzi egiten ari zarena zirriborroa balitz bezala; hau da, ez idatzi edonola, garbira pasatzean edo berrikustean zuzentzeko asmoz; jar ezazu arreta guztia idazketan, eta ahalegindu ahalik eta ongien idazten. Eta Izan kontuan idazlana beste pertsona batzuek irakurriko dutela; beraz, saia zaitez txukun eta argi idazten; alegia, egin letra argia eta ulergarria; letra larria behar denean, hura erabili; ondo erabili puntuazio ikurrak; utzi hutsuneak testuaren eta orrialdearen amaieraren artean eta baita pasarteen artean ere…

Jarri behar baduzu, utzi izenburua amaierarako. Izenburuak zure testuaren mamia jaso behar du; beraz, askoz errazagoa gertatuko zaizu testua amaituta duzuenean asmatzea. Eta hastea kostatzen bazaizu, utzi sarrera gerorako: gehienetan kokatze-funtzioa du eta ez da ezinbestekoa hasiera-hasieratik idaztea.

azterketa

Saia zaitez eskeman jarritakoa jarraitzen; zer edo zer aldatzen baduzu, aurreikusita zenituen beste atal batzuei eragin diezaieke, eta horiek aldatu beharko dituzu. Aldaketa asko eginez gero, gainera, baliteke azkenean zertan zabiltzan ere argi ez izatea. Eta izan gogoan: pasarte bat = ideia nagusi bat, eta ez ahaztu ideia nagusiak garatu eta jantzi egin behar direla adibideak, arrazoiak eta abar erabilita.

Izan gogoan: pasarte bat = ideia nagusi bat 

Idazten duzunean, egin ezazu ahalegina euskaraz pentsatzeko eta ezagutzen dituzun euskarazko baliabideak erabiltzeko, eta, ahal dela, saihestu itzulpenera jotzea: era horretan erdarakadak baztertuko dituzu.

Idazten duzun bitartean, egon adi; izan ere, egiten diren akats asko eta asko kontzentrazio falta eta berehala bukatzeko gogoagatik izaten dira; saia zaitez normalean egin ohi dituzun akatsei bereziki erreparatzen. Eta ondo aztertu zeintzuk diren idazki guztietan erabiltzen dituzun egiturak, nahi gabe errepikatzen dituzunak: saia zaitez pareko egiturak erabiltzen. Horrez gain, aukeratu hitz egokiak eta zehatzak azaldu nahi duzuna adierazteko, eta baliatu sinonimoak, elipsia, perifrasiak etab. hitz bera etengabe ez errepikatzeko.

Ideia bat emateko modu asko dago, eta bide batetik abiatuta irteerarik aurkitzen ez baduzu, atzera bueltatu eta berridatzi beste era batera. Eta ez ahaztu paragrafo bat bukatzen duzun bakoitzean berriro irakurtzen, jarritakoak zentzurik duen egiaztatzeko eta nola jarraitu jakiteko.

Bukaerara heldutakoan, nekatuta egon arren, ez amaitu testua korrika eta presaka, edonola. Amaierak oso garrantzitsuak dira; beraz, ahalegindu zaitez testua ondo borobiltzen.

Izan gogoan uneoro lana ez dela testua idatzita amaitzen; hortaz, kudeatu ondo denbora, testua behar bezala eta behar beste aldiz berrikusteko denbora izan dezazun.

Kudeatu ondo denbora, testua behar bezala eta behar beste aldiz berrikusteko astia izan dezazun.

Hasteko egiaztatu testuak nolabaiteko batasuna duela, hau da, pasarte bakoitzean idatzi duzunak lotura duela aurrekoarekin eta/edo ondorengoarekin, ez dagoela saltorik.

Bigarrenik, ziurtatu idatzi duzunak zentzua duela, eta izan kontuan zuretzat argi eta garbi adierazita dagoena iluna izan daitekeela testua irakurtzen duen beste batentzat.

Hirugarrenik, begiratu arreta handiz aztertzaileek ere arreta handiz begiratuko dituzten gauzak (ergatibo markak, pluraltzaileak….) eta etxean edo klasean egiten dituzun idazlanetan gehien errepikatzen dituzun akatsak (ergatibo pluralak, erlatibozko esaldiak eta konpletiboak nahastu…).

Aurreko hiru pausoetan aldaketak egingo zenituen ziur aski; beraz, lana amaitutzat jo baino lehen, irakurri testua azken aldiz berridaztean akats gehiago egin ez duzula ziurtatzeko.

Hainbat iturritatik moldatua eta osatua

Argazkiak: Pixabay

Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *

clear formPost comment