Harkaitz Cano

Beti oporretan. Harkaitz Cano. Susa, 2015

2015eko azaroan argitaratua, 2016an urteko libururik salduenetakoa izan zen Beti oporretan, Harkaitz Canoren azken liburua. Izenburuaren beraren jatorria adierazgarria bezain argigarria da. Izan ere, Xabier Montoiak, duela 20 urte, titulu bera eman zion disko bati, eta bertatik hartu ei zuen Canok. Baina kontua ez da hor amaitzen, Montoiak ere Jim Jarmuschen Permanent Vacation filmetik atera baitzituen diskoa bataiatzeko erabilitako hitzak. Izen propio horiek (Jarmusch, Montoia) abiapuntu, erraz irudikatu ahal dugu Harkaitz Canok egindako hautua lan garaikidearen eta esperimentalaren aldekoa izan dela.

Beti OporretanOporraldia mintzagai duten hamalau ipuinek osatzen dute liburua. Hala ere, narraziook oporren inguruko topikoak suntsitzen dituzte, ederto suntsitu ere, zeren itxaropenez eta asmo onez beteriko tarte desiragarriak izanda ere, alde ilun asko, zailtasunak eta nahigabeak sortzen baitituzte. Azpimarragarria da ia-ia ipuin guztiak bukatzear daudenean egoerak ustekabeko jirabira egiten duela, zorigaitzaren zantzuak iradoki nahian, nonbait. Hori dela-eta, opor zapuztuen alderdia, oporren ifrentzua baino ez digu erakusten Canoren testuak.

Hori guztia erdiesteko, tonu ironikoa baliatzen du idazleak, pertsonaia batzuekin gupidagabe agertzeraino. Horren adierazle da Ikea Crucifixion ipuineko Jota artistaren izaeraren deskribapen zorrotza. Postmodernismoaren pentsamolde likidoaren kritika ote? Safari ipuinean, berriz, kooperatibista-enpresaburu baten alderik ankerrena aurkezten digu, heriotzara kondenatuko baitu betiko lagun mina.

Pertsonaia eta gai ugari jorratzen dira bildumako hamalau narrazioetan. Horietan hainbat ipuinek egitura klasikoa dute: Arrokarik altuena, Ospakizuna, Maiatzaren 1eko zubia, Safaria. Beste batzuek, ostera, kutsu esperimentala dute; horren erakusle da Boing 767 puntuaziorik gabeko narrazioa.

Askotarikoa baina bateratua, erreala eta surrealista, ederra eta krudela, idazlearen ikuspuntua. Ipuin baten izenburua, berak Montoiari egin zion modu beran, “lapurtuko” diogu egileari: Suedia ez da dirudiena ezta irrikaz itxaroten ditugun oporrak ere.

Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *

clear formPost comment